Euskal jantzi tradizionalen ikastaroak

Euskal jantzigintza tradizionala 

2 pertsona · 2 larunbat · 8 ordu/egun · 375 € pertsonako · Ez da josten jakin behar · Patroi pertsonalizatuak

Ikastaro trinko hauen helburua norberaren euskal jantzi tradizionala egiten ikastea da. Ikastaroak Athora Manthara atelier-ean, Saran (Lapurdi), egiten dira.

Helburua bi lan-egunetan zehar norberaren jantzi osoa egitea da, pausoz pauso eta prozesu osoan nire laguntzarekin.

Nola antolatzen dira ikastaroak?

Ikastaro bakoitza bi larunbatetan egiten da.

Larunbat bakoitzean:

  • Goizean, 4 ordu inguru lan egingo dugu.

  • Ondoren, ordubeteko atsedenaldia hartuko dugu bazkaltzeko.

  • Arratsaldean, beste 4 orduko lan-saioa egingo dugu.

Guztira, larunbat bakoitzean 8 ordu inguruko lana egingo dugu; beraz, ikastaroak 16 ordu inguru izango ditu guztira.

Bi larunbaten artean, baliteke etxean lan txikiren bat egin behar izatea, hurrengo saioan lanarekin jarraitu ahal izateko.

Era berean, bigarren larunbataren ondoren xehetasun txikiren bat gera daiteke etxean bukatzeko, hala nola botoiak jostea edo akabera errazen bat egitea.

Hala ere, oro har, proiektuak ia erabat bukatuta gelditzen dira bi ikastaro-egunetan.

Josten jakin behar al da?

Ez.

Ikastaroan parte hartzeko ez da aldez aurretik josten jakin behar. Ikastaroan zerotik erakutsiko dizuet josten, eta zuen proiektuan aurrera egin ahala beharrezko teknikak ikasiko dituzue.

Aldiz, oso garrantzitsua da lanerako gaitasuna eta, batez ere, amore ez emateko gaitasuna izatea.

Ikastaro trinkoa da eta bi larunbatetan lan handia egiten dugu. Horregatik, aurretik josten jakitea baino garrantzitsuagoa da ikasteko eta lan egiteko gogoz etortzea, eta zerbaitek denbora edo ahalegin handiagoa eskatzen duenean aurrera jarraitzeko prest egotea.

Zer egiten dugu?

Oro har, lana honela antolatzen dugu:

Lehenengo larunbatean:

  • gona edo galtza,

  • mantala,

  • zapia.

Bigarren larunbatean:

  • blusa,

  • jaka edo korpinoa.

Norbaitek beste jantzi mota bat egin nahi edo behar badu, aurrez hitz egin dezakegu eta proiektua horren arabera moldatu.

Patroi pertsonalizatuak

Nik prestatzen ditut ikasle bakoitzaren patroiak, bereziki blusa, jaka edo korpinoarenak.

Horrela, pertsona bakoitzak bere neurriei eta aukeratutako jantzi motari egokitutako proiektu bat lantzen du.

Zer ekarri behar du parte-hartzaile bakoitzak?

Parte-hartzaile bakoitzak bere jantzia egiteko oihalak eta beharrezko materialak ekarri beharko ditu.

Atelier-ean, berriz, zuen eskura izango dituzue:

  • beharrezko josteko makina ezberdinak,

  • hariak,

  • eta nire laguntza jantzia egiteko prozesu osoan.

Ez duzue behar den oihal-kantitatea kalkulatzeaz arduratu behar. Nik kalkulatuko dizuet zuen proiekturako behar duzuen oihal-metrajea, oihalak erosi aurretik.

Prezioa

Ikastaroaren prezioa 375 € da pertsonako.

Prezioak bi larunbatetako ikastaroa —gutxi gorabehera 16 orduko prestakuntza eta lana—, patroi pertsonalizatuen prestaketa eta atelier-ean dauden makina eta harien erabilera barne hartzen ditu.

Jantziak egiteko oihalak eta gainerako materialak parte-hartzaile bakoitzak ekarri beharko ditu.

Noiz komeni da izena ematea?

Nire gomendioa da 3 edo 4 hilabete lehenago izena ematea.

Denbora hori, nolabait, proiektuaren prestaketaren parte da.

Hilabete horietan euskal jantzi tradizionalen inguruan ikertu eta zer egin nahi duzuen erabaki dezakezue:

  • zer motatako gona edo galtza,

  • nolako mantala,

  • zer zapia,

  • zer motatako blusa,

  • korpinoa edo jaka,

  • eta zer oihal, kolore eta konbinazio erabili nahi dituzuen.

Horrela, erreferentziak bilatzeko, zuen jantzia definitzeko eta oihalak denboraz eta lasai erosteko aukera izango duzue.

Izen-ematea eta plaza erreserbatzea

Hurrengo data posibleak hauek dira:

  • 2027ko urtarrilaren 23a eta 30a Beteta

  • 2027ko otsailaren 20a eta 27a Beteta

  • 2027ko martxoaren 6a eta 13a Beteta

  • 2027ko apirilaren 3a eta 10a Beteta

  • 2027ko maiatzaren 8a eta 15a Beteta
  • 2027ko maiatzaren 22a eta 29a Beteta

Izen-ematea posta elektronikoz bakarrik egingo da.

Plaza erreserbatuta geldituko da ordainketa egindakoan.

Ikastaroetako batean parte hartu nahi baduzu, idatz iezadazu eta zure proiektua garaiz prestatzen hasiko gara: athoramanthara@gmail.com